|
* Euskarari zor zaiona Altsasu! 2010 (10/05/01)
Kima euskara taldeak Euskarari, zor zaiona! Altsasu kanpaina martxan jarri berri du. Horren bidez, Nafarroako Gobernuari euskararekiko jarrera errotik alda dezala eta normalkuntzaren aldeko hautua egin dezala exijitu nahi dio. Kimak bezala uste baduzu Nafarroako Gobernuak euskararen alde nahikoa egiten ez duela; aurrekontuetatik hizkuntzaren normalizaziora gehiago bideratu beharko litzatekeela uste baduzu; Euskarari, zor zaiona! Altsasu kanpainaren bidez zuzendu dezakezu. Kanpaina honen bidez proposatzen duguna zera da: ordaintzen dugun zergen zati bat euskararen normalkuntzaren alde dauden ekimenetara bideratzea. Errenta aitorpen garai honetan egitea proposatzen dizugu. Aurreko urteetan Nafarroa mailan ere egin izan da. Aurten, kanpainaren bidez biltzen den dirua Sakanako euskalgintza laguntzera bideratzea proposatzen dizugu. Zure zergen zati bat bidera ezazu Nafarroan euskarak aurrera egin dezan. Hona bidea: Diru sarrera egin. 30 euro (edo bakoitzak egoki ikusten duen kopurua). Sakanan euskal komunikabideak sustatzen dituen Bierrik fundazioa (3035 0018 49 0180026728) edo Kima euskara taldeari (3035 0018 40 0181045753) ekarpena egitea proposatzen dugu.* Diru sarreraren ziurtagiria eskatu, beharrezkoa baita. 1. Errenta aitorpena egiterakoan bi aukera daude: 2.A. Euskalgintzaren alde egindako diru sarrera kenkari moduan jarri errenta aitorpenean. Horretarako 580. laukian, hau da, "Zatikako Ordainketak" deitzen den laukian euskalgintzaren alde egin den ekarpena jarri. Aitorpenarekin batera egin den ekarpenaren ziurtagiria aurkeztu. Errenta aitorpena egiten ari den langileak arazoren bat jarriko balu, aitorpena norbanakoena dela insistitu, edota bigarren aukera egin. 2.B. Errenta aitorpena ohiko moduan egin, hau da, egindako ekarpena kenkari moduan sartu gabe. Ondotik instantzia orokor bat bete, Nafarroako Gobernuari euskalgintzaren alde egin dugun ekarpena itzultzea eskatuz. Horretarako instantzia honi egindako ekarpenaren ziurtagiria erantsi. Instantzia hau Nafarroako Gobernuaren erregistroan edo azpian agertzen diren erakundeei aurkeztu. 2.C. Hirugarren aukera: Nafarroako Gobernuak errenta aitorpena etxera egina bidali badizu. Errenta aitorpena etxean egina jaso baduzu, lehenengo edo bigarren aukera hartu. Lehenengo aukera hartzen baduzu: errenta aitorpena berriz egin beharko duzu. Bigarren aukera hartzen baduzu: instantzia bete, egindako ekarpenaren ziurtagiria gehitu eta Nafarroako Gobernuari dirua itzultzea eskatu. Garbi izan administrazioa ez dagoela behartuta kenkariak onartzera. Halakotan, ekarpena egin duenak dirua "galdu" egiten du aipatzen diren egitasmoen mesedetan. Sakanakoa beharrean Nafarroa mailako egitasmoren bat lagundu nahi baduzu ere aukera duzu. Bestalde, aurreko urteetan bezala, informazio gehiago nahi duenak www.euskararizorzaiona.info web orrira jo dezake. Euskara aurrera aterako dugu guztion lanari eta ekarpenari esker. Eta ez ahaztu errenta aitorpena euskaraz egiten. Lagun eta bidera iezaiozu zure zergen zati bat asmo honi. Altsasun, 2010eko apirilaren 27an Kima Euskara Taldea www.altsasukokima.com *Nafarroa mailako beste aukerak: Euskalgintza-Oinarriak (3035 - 0058 - 37 – 0581170000) Eragozpen fiskalaren adierazpena
|