Nor Gara

Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta euskarazko egunkari berriaren aldeko kanpaina zela eta 2.003an Altsasuko zenbait euskaldun-euskaltzale bildu ginen. Kanpainak aurrera egin hala, Altsasuko euskararen egoera hobetu beharra zegoela ikusita genuen. ALTSASUN EUSKARAZ BIZI ahal izateko, bertako euskaltzaleen elkarlana bideratuko zuen erakundea sortzea ezinbestekotzat jo genuen. Hala, 2.003ko udazkenean martxan jarri zen KIMA EUSKARA TALDEAren bigarren aldia. Bigarren aldia, bai. Izan ere, 90eko hamarkadan izen bera erabili zuen euskaltzale talde batek Altsasun. Taldea desegina zegoen eta egoki ikusi genuen haiek utzitako lekukoa hartzea.

Nabarmendu beharreko kontua da Altsasu dela Sakanan biztanle gehien dituen herria, 7.500 inguru. Aldi berean, Altsasu da, Etxarri Aranatzen atzetik, Sakanan euskaldun kopuru gehien duen bigarren herria, 1.502 azken zentsuaren arabera.




Euskararen ezaguera Altsasun. Garapen historikoa.
Urtea Populazioa Euskaldun kopurua Ehunekoa
1863 1436 *1293 %90
1930 3339 *1668 %50
1991 6614 891 %13,5
1996 6884 1121 %16,2
2001 6965 1502 %21,6

*Gutxi gorabeherakoa.

Euskararen kale erabilera Altsasun
Urtea Ehunekoa
1993 %5,3
1997 %6,7
2001 %7,5
2006 %8,9

Behatutako hiztun kopurua eta euskaraz neurtutakoen proportzioa ehunekotan
Urtea Neurtutako hiztun kopurua Erabilera ehunekotan
2001 935 %7,5
2006 865 %8,9

Euskararen kale erabilera Altsasun: erabilera adinka
Urtea Haurrak Gazteak Helduak Adinekoak
2001 %8,6 %0 %7,9 %15,4
2006 %12,9 %6,4 %10,1 %0

Kale neurketa Sakanan 2006
(Txostena)
Kale neurketa Sakanan 2006
(Power Point aurkezpena)

Helburuak

KIMA EUSKARA TALDEA bi helburu nagusi dauzka: Lehenengoa, hizkuntzaren erabilera sustatzea da. Hau da KIMAren asmorik garrantzitsuena, ALTSASUN EUSKARAZ BIZI eta gure herrian euskarak behar duen bultzada ematea da. Bigarrenik, motibazio lana dugu. Hizkuntzaren ezagutza eta erabileraren arteko aldea txikitu nahi dugu. Bide batez, euskararen aurkako jarrerak neutralizatu eta jarrera positiboak ager daitezen lan egiten dugu. Aurrerapauso lasai eta sendoz hizkuntza normalizazioan aurrera egin nahi dugu.

KIMA EUSKARA TALDEAk jardunean daraman denboran besteak beste hitzaldiak, lehiaketak, dinamikak sustatu ditu (ikus orain artekoa atala). Hori guztia taldea osatzen dugunok Altsasuko euskaldunak beren hizkuntzaz harro senti daitezen nahi dugulako, eta euskaldun ez diren altsasuarrek euskara ere haien hizkuntza dela jakin eta onar dezaten.

Zure euskara hobetu nahi baduzu edo ezagunen bat euskara ikastera animatu nahi baduzu, gogoan izan gaur egun Altsasun 2 euskaltegi dituzula. Bata, AEK-ren Itsasi euskaltegia da eta Gartzia Ximenez kaleko 44. zenbakian dago (telefonoa: 948 468 258). Eta, bestea, UGT-ren Constantino Salinas euskaltegia, Erkuden kalearen 6. zenbakian (telefonoa: 948 467 120). Bietan eskaintzaz abala topatuko duzu. Gainera, jakizu gutxienez klaseen %80ra joaten bazara, edo bada, Sakanako Mankomunitatearen diru-laguntza jaso dezakezula. Anima zaitez! Anima ezazu!

Antolaketa

KIMA elkarte bezala antolatua dago. Hala, jendea elkartzeko aukera ezberdinak daude: lan egiteko prest daudenak edo bakarrik bazkide izan nahi dutenak (aukera hau oraindik ez dugu landu nahiz eta estatutuetan jasoa egon). Talde irekia eta zabala da, ideologikoki gizartearen sektore guztiei irekia delako. Ahalik eta jende gehienengana iritsi nahi dugu, benetan sinisten dugulako euskaldunok biltzen gaituena, gure euskara, garrantzitsuagoa dela banatzen gaituena baino.

Batzarra da KIMAren organu nagusia. Bertan, KIMAko bazkide guztiek esku har dezakete, eta urtean behin egiten dira, gutxienez. Batzarrean urteko jarduna aztertu eta aurrera begirakoak zehazten dira, besteak beste. Taldearen eguneroko funtzionamendua bermatzeko batzorde eragilea dugu. Astean behin biltzen da, eta gaur egun sei bat lagunek osatzen dute, baina KIMAko edozein bazkidek parte har dezake bertan, nahi izanez gero. Horretaz gain, unean uneko lan-batzordeak ere eratzen dira lan zehatzak aurrera ateratzeko. Altsasun euskararen alde lan egin nahi duten guztiek aukera eta gune egokia izan dezatela nahi dugu.

Bazkideak

KIMA EUSKARA TALDEAk 2.004ko udaberrian estatutuak berritu zituen. Taldeko bazkide izateko aukera jasotzen da bertan. Baina aukera horri ez diogu bultzadarik eman oraingoz. Hori zehaztu bitartean, lanerako gonbitea egiten dizuegu.









Non aurkitu

KIMA EUSKARA TALDEA batzorde eragilea ostiralero biltzen da. Bilerak Gure Etxea eraikinean egiten ditugu, foruen plazan, arratsaldeko 19:30ean. Bestela, gurekin harremanetan jartzeko jo altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidera. Euskarak Altsasun merezi duen tokia lortu arte badakigu oraindik ere lan handia geratzen zaigula egiteko, eta horretan jarraitzeko asmo tinkoa dugu. Zatoz gurekin!

Harremanetarako

Web orri honen bitartez, KIMA EUSKARA TALDEAk ematen dizu gurekin harreman sar zaitezen. Harpide egin edo proposamenak, kexak, iradokizunak egiteko ere erabil dezakezu.

Kima Euskara Taldea
Gure Etxea eraikina
Foruen plaza z/g
31800 Altsasu
Nafarroa
altsasuneuskaraz@euskalerria.org

Web gune honi buruz

Web gune honen eduki guztiak erabat askeak dira. Nahi duen guztiak hartu, kopiatu eta erabili ditzake. Ordainetan jatorria aipatzea eskertuko genuke. Ahalik eta web gune osatuena egiteko zuen iritziak, aholkuak, iradokizunak, ideiak eta beste altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidera bidaltzea eskertuko genizueke.



Kima Euskara Taldea | Gure Etxea Eraikina - Foruen Plaza - 31800 Altsasu (Nafarroa)
Castellano | Diseño de páginas web